xaxikomeriyak

2005-10-04

 

EUSKAL HERRIKO JATETXEAK


Ez dakit zuei gertatu zaizuen baina niri aspaldi honetan gure jatetxeetara joanean izan ditudan esperientzietan gero eta txasko gehiago hartu ditut. Zertan? Ea zuei zer iruditzen zaizuen...
Hemen jatetxe on asko dago, hori ukaezina da, eta nik guztien aurretik defendatuko nituzke buruan ditugun dozena pasa jatetxe aparta horiek. Arazoa beheragoko mailara jotzean gertatzen hasi dela iruditzen zait.
Lehen edozein herritara joan eta seguru aurkituko zenuen eliza ondoko benta edo ostatu bat betiko etxeko andrearekin eta betiko janari aparta eskainiko zizuna. Gehienetan lokala ez zen punta puntako erosotasunekin egongo baino platerean zenuenak ederki baino ederkiago asetuko zintuen.
Orain, gure probintzietako azken herriko azken auzoko elizaurrera joan zaitezke eta sartu eta barra altu bat eta banketa batzuk zeuden lekuan orain eraikin berri neobasko, neokitsch estiloko megaeraldatutako leku bat aurkituko duzu. Barra kristalezkoa da. Etxeari sekulako gelatzarra erantsi diote. Eta jangelara sartu eta anbientadore usaina duzu(aghhh!!!), aulki tapizatuak, dekorazioa herriko diseinadore kurtsilodun batek egin du (baina Pitita Ridruejoren etxerako egokiagoa da), eta (oh, azkeneko eta okerrena!!) hari musikala jasan behar izango duzu otordu osoan.
Segituan zerbitzen zaituzte, hori egia da, eta askoz modu adeitusagoan, baina hori bai, erdaraz. Gure erdalzale amorratuentzako keinu eta jarrera bateria erabat kamustuta geratzen da, ez gara gure batallitetan hasiko bizitza aurrera ateratzeko zailtasunak dituen batekin (gaztelara1, euskara 0).
Baina goazen benetan hara eraman gaituenera. Leku horretara hango kalloak jatera joan gara. Betikoa dute fama eta saltsa hangoa bezalakoa ez dugu inon jan, oraindik gogoan dugu zaporea. Bada ez, ez daude jada kartan. Jabeak ere aldatu dira. Eta oraingo honetan bertakoek erretorika azkar eta zabarrean baina jada hain desiratuan botatzen zizkiguten menuen ordez sekulako karta luzea jarri digute sudur aurrean. Hori bai, plateren izenak oso luzeak dira eta benetan sugerenteak. Eskatu dugu.
Eta? Bada ez, marketinga oso landua izango dute baina plater barruan dagoenak ez zaitu asebetetzen. Zergatik? Erantzun asko egon daitezke lekuaren arabera: plater oso handiak eta diseinuzko entsalada gero eta txikiagoak (etxeko tomateak hobe zeuden konfit txar hori baino letxu artean), edo onddo (JA!!!) saltsa gero eta nata gehiagodunak eta liseritzeko gero eta zailagoak, haragi oso samurra dela diote zure otordukideek baina zuri benetan kostatzen ari zaizu mamurtzea, ....
Beraz, zera esan nahi dut: gora euskal sukaldaritza berria!, nik oso atsegin dut Arzak, Akelarre, Fagollaga, Berasategi etabarretara inoiz egokitu zaidanean joatea, baina: gora euskal sukaldaritza zaharra!!. Eta euskal sukaldaritza berri baina ertaina, bai baina ez hori, mesedez, eraldatu edo desager dadila ARREN.

Comentaris: Publica un comentari a l'entrada

Subscriure's a Comentaris del missatge [Atom]





<< Inici

Arxius

2005-10   2005-11   2008-06   2009-10  

This page is powered by Blogger. Isn't yours?

Subscriure's a Missatges [Atom]